miércoles, 26 de noviembre de 2008

Geometria, natura eta egitura espazialaren inguruko kezka. (I)




Gizakiaren arrakasta, ingulua eraikitzerako orduan, hertsiki lotua dago baliabideen erabilera arduradun baten kontextuarekin. Aukera hauek formaren dibertsitate eta eraginkortasuna ekarri behar badute, behintzat, dibertsitate horrek gizakia eta bere inguruaren harremana sendotzen dutelarik. Bada ordua, jada alde batera uzteko industrializazioak ekarri zuen uste faltsua, hots, elementu kopuru finitu baten estandarizazioak dibertsitate aukerak minimizatzen dituela.

Ongi erabilita, gaien estandarizazioaren printzipioa produkzio bikainaren eta banaketa eraginkortasunaren sistema bilakatzen da. Sistema hau baliabide naturalen kontserbazioa ere har dezake helburutzat. Nagusiki, estandarizazioak modulartasuna dakar. Gure beharrizana da, dibertsitatea, eta aldaketa, material eta baliabideak eraginkortasunez erabiltzen dituzten egitura modularrekin uztartzen dituen eraikitze sistema bat garatzea.

Sistema honela definitu dezakegu:osagai tipoen inbentario minimo bat, zeinak, alternatiboki konbinatua, forma egitural eraginkor kopuru handi bat dakarren Honi deitu diezaiokegu, inbentario minimoa, aniztasun maximoa duten sistemak.

Sistema onenetan ikus dezakegu pretzeptu honek ez dakarrela herstura formalik, baizik eta elkarren artean lotutako forma estrukturalen aniztasun maximoa. Espazio eta formaren ezaugarriak aztertze soilarekin, loturen arteko legeak ikuste soilarekin, naturaren obserbazio soilarekin egingo ditugu aurkikuntza espazialak, gaur egun arkitektura munduan bogan dagoen material eta metodoaren arteko independentzia gaitzetsiz.

Inbentario minimoa, aniztesun maximoa kontzeptuaren ulertzeko saiakerak natura aztertzera eramaten gaitu, lehen esan bezela.Soilik ikusi zenbat sustantzia osotzen diren relatiboki gutxi diren elementu kimikoen konbinazio bidez. Egituraren mundura hurreratuz ikusten dugu baita ere konbinazio kimikoak eta fisikoak eskutik doazela.

Adibiderik grafikoena elur malutena litzateke. Hain zuzen ere, adierazpen fisikogeometrioaren eredu kontsideratu ditzakegu. Elur kristal guztiak sei puntadun izar forma daukate. Zehatzago esanda, hexagono erregular baten simetria daukate. Ordea, forma definitu hau izanagatik ez dago berdinak diren bi elur maluta. Formak badoaz oso arinak eta hauskorrak diren izar oso landuetatik soilak eta masiboak diren hexagonoetaraino. Baina ez da bakarrik forma hexagonala lotzen dituena, baizik eta bere egituran ematen direl erlazio angeluarrak ere.

Elur malutaren egiturak sortzen du horrenbesteko aniztasuna. Eraikitze sistema baldintza fisiko, geometriko eta kimikoen baldintzapean dago. Honekin interakzioan, tenperatura, hezetasuna, haizearen abiadura eta presio atmosferikoa.

Esparru biologikoan inbentario minimo, aniztasun maximo adibidea DNA molekularen egituran topatu dezakegu, nahiz eta hemen eraginak ez izan horrenbeste fisikogeometrikoak, baizik eta biomekanikoak. Naturako formak beti sortzen dituzte naturako egiturak, eta dibertsitatea formakuntza prozesuaren konbinaketa gaitasunak ezartzen du.

Kontzeptu hau naturan gertatzen den baliabide ekonomia bati zor diogu. Naturan ematen diren formakuntza prozesuen helburuetariko bat energiaren aurrezpena da. Akaso adierazpen honen adibiderik soilena metaketa masiboaren printzipioa da, zeinaren forma elementalena, berdin ikus dezakegu bai izaki bizidun eta ez bizidunen munduan.

Metatze masiboaren bilakaerak berezkoa den egonkortasun geometriko batera garamatza, expresioa bilatzen duena hiru dimentsioko zelula sistema poliedrikoan sistema biologikoetan, eta atomo esferikoen metaketa trinkoan metalen kasuan. Lotzen baldin baditugu esfera hoien zentruak hiru dimentsioko triangelu aldeberdinez osaturiko egitura espazial bat ikus dezakegu. Gure adibide biologikoan berdintsu jokatuz gero ere, antzerako egitura triangulatua izango da emaitza. Ondorioztatu dezakegu, bada, metaketa masiboaren eta triangulazioaren artean badagoela lotura estu bat. Badakigu, baita ere triangelua dela berezko egonkortasuna duen forma bakarra. Ezaugarri hauek baliogarriak zaizkigu, indar axialetan soilik lan egiten duten egiturak sortzean energia aurreztu ere egiten baitdugu, guzti hau egitura triangeluarrak erabiliz. Egitura triangeluarrak, materialaren eskala gora behera, beti du energia mantentzeko joera. Beraz hor daukagu, egitura guztiz egonkorra eta beti energia potentzial maila bat mantenduko duena.

Baina goazen harira. Beraz printzipio hauek aplikatuz gero gure eraikitze sistema, egitura molekularra bezela kontsideratu behar dugu, indar eragin batzuen arduradun dena, eta gizakiaren beharrizan eta naturaren aniztasun, moldaketa, aldaketa eta baliabideen ekonomia beharrizanei erantzun behar diena, bortxaren kontzeptua alde batera utziz.

Forma sortzeko garaian indarrak ere kontutan hartu behar dira, bai barnekoak eta bai kanpokoak, intrinsekoak eta extrinsekoak. Intrinsekoak dira, barne ezaugarriak, esateko, elur maluten kasuan, egitura molekularra. Extrinsekoak dira egiturari kanpotik eragiten diotenak, elurraren kasuan, tenperatura hezetasuna edo haizearen abiadura

Gizakiak sortutako inguruetan, indar extrinsekoak diseinuaren xedea kontsideratu daitezke, kriterio filosofiko, estetiko, edo teatralen araberakoa, baina baita ere tenperatura, haizea, hezetasuna, eguzkitzapena, energia eta materialen mugak, topografia, geologia, erabilera aldaketak, inguruarekin harremana eta ingurugiro emozionala. Eraikinari inherenteak direnen artean ordea, energia potentzialaren mantentzea, tokiaren optimizazioa, bere baitako aldaketak, erabilitako bitartekoen ekonomia eta produkzio metodo egokien erabilera.

Garrantzitsua da ulertzea eta ikastea naturak ematen dizkigun adibideetatik, arkitektura modular eta sostenigarriago baten bilatzeko orduan. Garapen eta bilatze horren baitan aurki ditzakegu hainbat korronte arkitektoniko, baliabideen ekonomian, espazioaren optimizazioan, naturarekin harremanean, egituraren estandarrizazioan eta egitura espazialen bilakaeran aurki ditzakegunak, hasi mende hasierako corronte higienista eta sozialistetik, Hans Meier kasu, gerraosteko krisiko estatubatuarrak, Richard Buckminster Fuller, metabolistak, Kisho Kurokawa, edo megaestrukturalistak, Archigram taldea bezela. Kezka hoien inguruan lan egingo dut hurrengo praktiken garapenean, eta pixkanaka, erreflexioak argitaratzen joango naiz era berean.

No hay comentarios: